lunes, 13 de febrero de 2012


[Berria] Gipuzkoan beste gizarte eredu bat posible dela aldarrikatu dute
Azpiegitura handien inguruan «benetako eztabaida bat» egiteko eskatu dute Donostian, manifestazio batean
AINARA ARRATIBEL GASCON DONOSTIA

Ehunka lagunek egin zuten atzo arratsaldean Gipuzkoan egin nahi dituzten azpiegitura handien aurka. / JON URBE / ARP
Beste gizarte eredu bat aldarrikatu, eta «azpiegitura erraldoiak nahiz proiektu xahutzaileak» eteteko eskatu zuten atzo ehunka lagunek Donostian. Gipuzkoako azpiegitura erraldoien aurkako herri mugimenduak antolatu zuen protesta; eredu berri hori zehazterakoan herritarren iritzia kontuan hartzeko eskatu zuten. «Haien parte hartzea funtsezkoa eta ezinbestekoa da», nabarmendu zuten antolatzaileek.

Elurra eta euria egin arren, asko izan ziren manifestaziorako deiari erantzun eta Bulebar inguruan bildu zirenak. 17:15ean bazen jendea inguruan. Bozgorailuetatik azpiegitura handien aurkako mezuak entzuten ziren. Protesta 17:40 inguruan abiatu zen, Gipuzkoa desberdin baten alde, jendarte eredua aldatu: azpiegitura lan handiak gelditu lelotzat hartuta. Parte hartzaileen artean izan ziren, besteak beste, Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitano, ezker abertzaleko Rufi Etxeberria eta Joseba Permach, Aralarreko Rebeka Ubera eta Ernesto Merino, Ezker Anitzeko Mikel Izagirre, Eguzki talde ekologistako Juan Mari Beldarrain, Gipuzkoako Errausketaren Kontrako Plataformako Maria Luisa Sanchez eta AHT Gelditu! Elkarlaneko Mila Elorza.

Ez, ez, ez txikiziorik ezBihotza porlanez betea duzueErraustea ez hemen eta ez inon! eta era horretako leloak oihukatu zituzten ibilbide osoan zehar. Pankartek eta banderek kolorea eman zioten protestari. Martxa zaintzen, ertzainen hiru furgoneta joan ziren bukaeran.

AHTa, Zubietako errauste planta, Pasaiako kanpoko kaia, Lezo-Gaintxurizketa plataforma logistikoa, Zubietako espetxea eta gisako azpiegiturak «bideraezinak» direla aldarrikatu zuten, eta ez egitea galdegin zieten erakundeei. «Horiek geratzeko eta inoiz egin ez den eztabaida bat egiteko eskatzeaz gain, inposatu diguten garapen eredua zalantzan jarri nahi dugu. Krisiak agerian utzi du urteetan guk esaten genuena: hazkunde eredu hori ez da bideragarria. Jendeak, gainera, ez du hori nahi».

Herritarren ongizatea ardatz izango duen eredu bat nahi dute Gipuzkoarentzat. «Ez egungoa, gutxi batzuen enpresa interesei erantzuten baitie soilik. Osasun alorrak, hezkuntzak eta kulturak behar dituzten baliabideak xahutzen ditu egungo eredu antisozialak. Krisi garai honetan, hori oso larria da. Baliabideak beste esparru batzuetan erabili beharko lirateke, beharrak benetakoak diren esparruetan».

Abiarazi nahi dituzten azpiegitura proiektuek ingurumenari «kalte handia» eragingo lioketela salatu dute, gainera. «Natur baliabideak suntsitzen eta landa guneak jendez husten ari dira. Gure herrialdea metropolizatzen dihardute». Gainera, nabarmendu dute azpiegitura horiek ez dutela inolako errentagarritasun sozio-ekonomikorik sortzen, egitasmo horiek defendatzen dituztenek hori esan badute ere. Sortzen diren lanpostuek oso baldintza prekarioak dituztela salatu dute.

Halaber, egungo gizarte eredua defendatzen dutenen jokabidea gaitzetsi dute. «Zenbait ordezkari politikok erakundeetan gure ahotsa isilarazi eta proiektu txikitzaileen aldeko presioa mantendu nahi dute. Proiektu horien atzean dauden interes pribatu itzelen defendatzaileak dira horiek». Hori dela eta, eztabaida bat zabaltzearen alde egin dute: «Jarrera oztopatzaileak alboratu, eta benetako eztabaida bat hasi behar dugu. Une egokia da horretarako. Herritarren parte hartzea funtsezkoa da eztabaida horretan. Urte hauetan ukatu zaion ahotsa eman behar zaio berriro ere».

Herri ekimena

Eztabaida hori bideratzeko ardura osoa erakundeen esku uztea ez dela bidea iritzi diote. «Herritarron ekimenean dago gakoa neurri handi batean. Lanean jarraitu behar dugu, lurraren defentsari eta garapen ereduaren aldaketari zor zaien garrantzia behin eta berriz aldarrikatuz. Ez gaituzte geldiaraziko proiektu txikitzaileak eteteko borrokan».

Bide horretan, azpiegitura proiektu handien aurkako mozioak onartu dituzte Gipuzkoako zenbait udaletan: Oiartzunen, Lezon, Pasaian, Hernanin, Tolosan, Zaldibian, Seguran eta Mutrikun, besteak beste. Datozen asteetan beste hainbat udaletan egingo dituzte gisa horretako proposamenak.

Gipuzkoan hasitako mugimendua Euskal Herri osora zabaltzea ere aztertzen ari dira, azpiegitura horietako asko ez baitira Gipuzkoakoak bakarrik. Hori nola egin ikusi behar dute orain: «Euskal Herri desberdin bat nahi dugu. Geldi ditzagun lehenik azpiegitura lan handien proiektuak, eta ireki diezaiogun bidea eztabaida sozialari. Beste eredu bat nahi dugu, eta landuko dugu!».